Interneteko .EUS domeinuak ez dio erreferentzia egiten eremu geografiko zehatz bati, komunitate kultural eta linguistiko bati baizik. Ondorioz, domeinuak mundu guztian du zabalkundea, erregistroen %9 Euskal Herritik kanpo egin dira orain arte. Horrek adierazten du domeinuaren onarpen zabalak duen garrantzia.

Euskal Herrian egindako erregistroen datuak aztertuz gero ohartzen gara domeinua Euskal Herri osoan zabaltzen dela, baina desoreka nabarmenak daude lurralde batetik bestera. Datu hauek Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak burututako Inkesta eta Mapa Soziolinguistikoaren ondorioekin antzekotasun handiagoa dute lurraldeen banaketa demografikoarekin baino, ñabardura batzuk salbu: Nafarroak, bereziki, eta Iparraldeak, hein batean, pisu handiagoa beharko lukete.