Nola jar dezaket .EUS domeinu-izena nire Blogger webgunean?

  1. Home
  2. Knowledge Base
  3. Webgunea
  4. Gidak
  5. Nola jar dezaket .EUS domeinu-izena nire Blogger webgunean?

Blogger-ekin webgune bat sortzean blogaren helbidea zurewebgunea.blogspot.com izango da, zurewebgunea bloga sortzean aukeratu duzun izena delarik. Oroitzeko errazagoa den helbide bat nahi baduzu, Blogger-en zure .EUS domeinu-izena gehi dezakezu, webgunea zurewebgunea.eus izan dadin.

Horretarako Blogger-eko kudeaketa panelean sartu eta Ezarpenak ataleko Oinarrizkoa azpiatala sakatu. Argitaratzea atalean + Konfiguratu hirugarrenen URL bat zure blogerako aukera hautatu.

nola-jar-dezaket-eus-domeinu-izena-nire-blogger-webgunean-1

Agertuko zaizun testu-eremuan blogarentzako erabili nahi duzun domeinu-izena idatzi beharko duzu, hasieran www daukala. Adibidez, zure domeinu-izena zuredomeinua.eus bada, www.zuredomeinua.eus idatzi.

nola-jar-dezaket-eus-domeinu-izena-nire-blogger-webgunean-2

Blogger-ek abisu bat emango dizu, domeinu-izena egiaztatu ezin duela esanez. Normala da, domeinu-izenaren DNS ezarpenetan aldaketa bat egin behar duzulako. Egin beharreko aldaketak behean zehaztuko dizkizu (goiko irudian urdinez nabarmenduta daude). Aldaketa horiek zure erregistratzailearen kudeaketa panelaren DNS atalean egin beharko dituzu, zehazten dizkizun bi CNAME motako erregistroak gehitzeko. Nahiago baduzu, Blogger-en zehaztutako balio horiek kopiatu eta zure erregistratzaileari bidali, bi CNAME erregistro horiek sor ditzaten. DNS erregistro horiek gehitu ostean, baliteke 24 ordu arte itxaron behar izatea aldaketa sarean guztiz zabaldu dadin, normalena ordu baten buruan zabalduta egotea den arren.

Berriz ere domeinu-izena gehitzen saiatzen bazara, ikusiko duzu oraingoan arrakastaz egingo duela. 24 ordu pasa arren oraindik ere errorea ematen badizu, begiratu sortutako CNAME erregistroek balio egokiak dituztela eta, behar ez duzun bestelako CNAME erregistrorik badago, ezabatu.

Domeinu-izena ondo gehitu bada www.zuredomeinua.eus irekitzean zure bloga agertuko da. Hala ere, ikusiko duzu zuredomeinua.eus (hasierako www gabe, alegia) atzitzean errorea emango dizula. Funtziona dezan A motako lau erregistro sortu beharko dituzu, ondorengo IP helbideetara doazenak:
  • 216.239.32.21
  • 216.239.34.21
  • 216.239.36.21
  • 216.239.38.21

Erregistro horiek sortzeko modua aurreko bi CNAME erregistroak sortzeko erabilitakoaren berdina da, zuk zeuk egin dezakezu zure erregistratzailearen panelean, edo erregistratzailearen arreta zerbitzura idatz dezakezu aldaketa hori eskatzeko.

Azkenik, zuredomeinua.eus Blogger-era lotzeko, Ezarpenak ataleko Oinarrizkoa azpiatalera joan, eta Blogaren helbidea jartzen duen tokian gehitu duzun domeinu-izena editatzeko aukera sakatu.

nola-jar-dezaket-eus-domeinu-izena-nire-blogger-webgunean-3

Agertuko zaizkizun aukeren artean, Birbidali zuredomeinua.eus www.zuredomeinua.eus domeinura aukera hautatu. Noski, zure kasuan gehitu duzun domeinu-izena agertuko da zuredomeinua.eus domeinu-izenaren ordez.

nola-jar-dezaket-eus-domeinu-izena-nire-blogger-webgunean-4 Aldaketak gordetzean zuredomeinua.eus atzitzen duzunean zure bloga ikusiko duzu. Agertzen ez bada, baliteke A erregistroak oraindik sortu gabe egotea. 24 ordu pasa ostean funtzionatu gabe jarraitzen badu, zure erregistratzaileari hitz egin lau erregistroak ondo sortu direla ziurtatzeko.

Was this article helpful?

Related Articles