Nola alda dezaket Google Apps-en posta-elektronikoaren domeinu-izen nagusia?

Google Apps-en sortutako kontu bakoitzak posta-helbide nagusi bat dauka, saioa hasteko erabiltzen dena. Saioa hasteko erabiltzen duzun helbide hori izango da Drive, Calendar, eta Google-en gainerako zerbitzuetan agertuko dena. Horretaz gain, kontu horrek alias bezala gehitutako beste helbide batzuk ere eduki ditzake, mezuak bidali eta jasotzeko erabil daitezkeenak.

Zure posta-helbide nagusia eta Google-eko zerbitzuetan zure kontaktuetan ikusten den helbidea .EUS izatea nahi baduzu, .EUS domeinu-izena zure Google Apps kontura gehituta egon behar da. Ezagutza guneko Nola gehitu dezaket .EUS domeinu-izena Google Apps-en? artikuluan daukazu hori egin ahal izateko azalpena.

.EUS domeinu-izena gehituta dagoenean, Google Apps-eko erabiltzaileak aldatu ahalko dituzu. Aldaketa egiteko bi modu daude, Google Apps-en sortuta dauden erabiltzaile-kontu kopuruaren arabera.

50 erabiltzaile baino gutxiago badituzu

Google Apps-en 50 erabiltzaile baino gutxiago badituzu, erabiltzaileen helbide nagusiaren aldaketa banaka egin behar da. Horretarako, administrazio panelean zaudela “Usuarios” atala hautatu.

Google Apps-en dauzkazun erabiltzaile-kontuak agertuko zaizkizu. Erabiltzaile baten helbide nagusia aldatzeko, arkatz itxura daukan botoia sakatu.

Leiho berri bat irekiko zaizu, erabiltzailearen informazio nagusia (izen-abizenak eta posta-helbidea) erakusten duena. “Dirección de correo electrónico principal” atalean helbide nagusia aldatu ahalko duzu. Hautatzailearen bidez helbide nagusirako erabili nahi duzun domeinu-izena aukeratu ahalko duzu. Bukatzean “Cambiar nombre del usuario” botoia sakatu.

Horrekin helbide aldaketa egingo da eta hortik aurrera saioa aldatu berri duzun helbidearekin hasiko duzu. Lehen helbide nagusi zena alias bezala gehituko da, posta bidali eta jasotzeko erabili ahal izateko. Google-en zerbitzu gehienak helbide nagusi berrira automatikoki eguneratuko dira, baina salbuespen batzuk daude: https://support.google.com/a/answer/2622985?hl=es.

Aldaketa hau Google Apps-eko gainontzeko kontuekin errepikatu beharko da.

50 erabiltzaile baino gehiago badituzu

Zure Google Apps kontuan 50 erabiltzaile baino gehiago badaude helbide nagusiaren aldaketa modu automatiko batean egin daiteke, denak banaka aldatu beharrik gabe. Horretarako Google-en Google Apps Script zerbitzua erabili daiteke. Google-en arreta zerbitzura idatzi eta bertan azalduko dizute zeintzuk diren jarraitu beharreko urratsak.