Nire webgunea ez da bilatzaileen emaitzetan agertzen

  1. Orri nagusia
  2. Ezagutza-gunea
  3. SEO
  4. Nire webgunea ez da bilatzaileen emaitzetan agertzen

Egiten duzun bilaketaren arabera, eta bilaketak zure webgunearen edukiarekin duen loturaren arabera, bilaketa emaitzetan daukazun kokapena aldatuko da. Posizionamendu hori ez da zure webguneak bilatzaileentzako daukan garrantziaren arabera soilik, zure esparru berdinean kokatuta dauden gainontzeko webguneen garrantziak ere eragina daukalako.

Zure webgunea bilaketen emaitzetan ikusten ez baduzu, bi arrazoigatik izan daiteke: bilatzaileek ez dute zure webgunea ezagutzen, ala zure webguneak egindako bilaketan posizionamendu txarra dauka eta horregatik ez da lehen emaitzetan agertzen.

Bilatzaileek zure orrialdea ezagutzen duten jakiteko, Google-en “site:zuredomeinua.eus” bilaketa egin dezakezu (zuredomeinua.eus zure webgunearen domeinu-izenarekin ordeztuta). Bilaketa horrek bilatzaileek zure webgunetik ezagutzen dituzten orrialdeak itzuliko ditu. Bilaketak emaitzarik itzuli ez badu, bilatzaileek zure webgunea ezagutzen ez dutelako da. Bestetik, emaitzetan agertzen den orrialde kopurua zure webguneak duen kopurua baino nabarmen txikiagoa bada, arazo baten adierazle izan daiteke.

Webgunearen posizionamendua hobetzeko hainbat gauza ezberdin egin daitezke, soluzio bakarrak ez baitu zertan egoera guztietarako balio. Hasteko, webguneak bete beharreko irizpide batzuk daude, posizionamendu hobe bat edukitzen lagunduko dizutenak. Hauek dira horietako batzuk:

  • Webguneak egitura ulergarri bat eduki behar du, eta erabiltzen diren estekek erakutsiko duten edukia deskribatu behar dute. Adibidez, gure webgunean erregistratzaileen prezioak biltzen dituen taularen euskarazko bertsioa www.domeinuak.eus/eu/erregistratu/prezio-taula helbidean topa daiteke.
  • Bilatzaileek eduki duplikatua zigortzen dute, beraz, eduki originala izaten saiatu, eta ahal den heinean, webguneko orrialde ezberdinetan edukirik ez errepikatzea. Horretaz gain, orrialde bakoitzak (orrialde horretan hori egiteak zentzua badauka) testu minimo bat edukitzea komeni da, 300 hitz ingurukoa.
  • Zure webgunera doazen estekak egotea komeni da, hortaz, saiatu sare sozialetan, zure hornitzaile/bezeroen webguneetan, eta zure jardunarekin lotura duten bestelako guneetan zure webgunerako estekak gehitzen. Hori bai, ez da behartu beharreko zerbait, zentzuz egin esteka horiek webgune horietan jartzea.
Webgunearen egituraz gain, badaude begiratu beharreko beste zenbait gauza:
  • Domeinu-izenak martxan daraman denbora. Duela gutxi zure webgunea .EUS domeinura aldatu baduzu edo webgune berria bada, hasieratik bilaketen emaitzetan agertzea zailagoa da. Egunak pasa ahala bilatzaileek zure webgunea ezagutuko dute eta bilaketetan presentzia handiagoa izango duzu.
  • Webgunearen domeinu-izen aldaketa egin baduzu, helbide zaharrera doazen bisitariak automatikoki helbide berrira bideratu, dagokion orrialdera. Berbideraketa hori 301 motakoa izan dadila. Zure erregistratzailearen kudeaketa panelean egiteko aukera edukiko duzu, eta bestela webgunea kokatuta dagoen zerbitzarian ere egin ahalko duzu.
  • Google Webmaster Tools zerbitzuan izena eman zure domeinua bertan gehitzeko. Horrekin Google-ek zure domeinuaren berri izango du eta bere posizionamendua hobetzeko iradokizunak emango dizkizu. Gainontzeko bilatzaileek ere antzeko zerbitzuak dauzkate, Bing-ek adibidez
  • Bilatzaileek zure webgunearen egitura errazago uler dezaten oso lagungarria da webgunearen sitemap.xml fitxategia publiko jartzea, baita bilatzaileei horren berri ematea ere, Google Webmaster Tools edota antzeko zerbitzuak erabilita.
  • Ziurtatu ez daukazula robots.txt fitxategirik zure webgunean, eta edukitzekotan, honek ez duela bilatzaileek zure webgunea aztertzea eragozten.
Argibide horiek jarraitzekotan zure webgunea errazago agertuko da bilaketa emaitzetan, pixkanaka hobetzen doalarik. Ondo posizionatua egon nahi duzun bilaketen arabera, hobekuntza nabarmenagoa izango da. Edozein kasutan, garrantzitsua da webgunearen edukiari garrantzia ematea, ondo lantzea eta maiz eguneratzea, bilatzaileek hobeto baloratuko dute eta.

Lagungarria izan da artikulu hau?

Erlazionatutako artikuluak