Aurten urriaren 29an Donostiako San Telmo museoan izango den Euskarabildua jardunaldiak, Iametzak eta PuntuEUS Fundazioak antolatuta, bi gai uztartuko ditu: pandemia garaian agerian geratutako datuen zaintza eta horren aurrean teknologia burujabetzak egin ditzakeen ekarpenak.
Horretarako, Euskal Herri kanpoko hiru hizlari izango dira aurtengo Euskarabilduan: Bartzelonako Unibertsitateko irakasle eta Eticas Research & Consulting-eko kide Gemma Galdón-ek emango du hasierako hitzaldia; Data Justice Lab-eko kide Javier Sanchez-ek datuen erabilera eta justizia sozialari buruz hitz egingo digu; eta existitzen diren alternatibak ere ezagutuko ditugu Dabne kooperatibako Marga Padillaren bidez.
Azkenik, hezkuntzaren arloan sakontzeko mahai-inguru bat izango dugu: ‘Teknologia burujabetza hezkuntzan: Gaur egungo panorama, alternatibak eta aurrera begirako erronkak”. Hizlariak Argiako Mikel Garcia, Elgoibarko Makina Erreminta Institutuko Pedro Arreitunandia eta Hezkuntzan ere Librezaleko kide Diana Franco izango dira.
Pandemiak baldintzatutako jardunaldia izango da aurtengo Euskarabildua. Hau da, edukiera mugatua izango du, 50 entzulerentzat soilik egongo da lekua eta beharrezko segurtasun neurri guztiak errespetatuko dira. Baina nahiz eta bizi dugun egoera oso berezia izan, modu presentzialean egitea lehenetsi dugu.
Gainera, aurten berrikuntza modura, Inteligentzia Kolektiboa, lankidetzan aritzeko tailerra egongo da, pandemiak ohitu gaituen zenbait tresna eta modu baliatuz. Tailer honen helburua modu kolektiboan hasierako hitzaldietan entzundakoa partekatu eta modu parte hartzailean eraikitako ondorioak ateratzea izango da. Inteligentzia Kolektiboa atsedenaldiaren ondoren egingo da.Hizlariei buruzko informazio gehigarria hemen