• 85 udalerritan euskarak Interneten duen egoera aztertzeko eta herri horietako webguneetan eta domeinuetan eragiteko ekimen aitzindariak abiaraziko dira
  • Helburua euskarazko edukien eskaintzan eta eskarian eragitea da.

PuntuEUS Fundazioak eta UEMAk azken hilabeteetan ondutako elkarlan-hitzarmena aurkeztu dute Donostian egindako agerraldian. Hitzarmena Josu Labakak, UEMAko lehendakariak, eta Josu Waliñok, PuntuEUS Fundazioko zuzendariak, sinatu dute.

PuntuEUS Fundazioak UEMAko kide diren herrietako Interneten egoeraren azterketa helaraziko dio UEMAri. Azterketa PuntuEUS Behatokiaren bidez horretarako berariaz garatu den tresna informatiko baten bidez egingo da. Aipatutako hitzarmenaren ondorioz, UEMAko kide diren 85 udalerrietan euskarak Interneten duen egoera aztertzeko eta herri horietako webguneetan eta domeinuetan eragiteko ekimen aitzindariak abiaraziko dira. Hitzarmenak 245.000 biztanle inguruko lurguneari eta 8.000 webguneri eragiten die, eta sinatu duten bi aldeek lurgune horretako ehunka erakunde, elkarte, enpresa eta norbanakotan eragiteko bitartekoak eta konpromisoak aurkeztu dituzte bi aldeek.

Ekintza-plan zehatza

UEMAk kide duen udal bakoitzari helaraziko dio udalerriari dagokion azterketa. Lanketa egiteko berariaz prestatu den tresnarako sarbidea udalerri bakoitzeko euskara teknikariek izango dute, horren arabera Interneten euskara sustatzeko ekimenak abiarazi ahal izateko. Besteak beste, honako ekimen hauek proposatzen dira:

  • UEMAko kide diren udalerrietan, .EUS domeinuaren erabilera sustatzea herriko elkarte, enpresa eta, oro har, webgune bat duten eragileetan. Webgune horietan, edukia euskaraz argitaratzea sustatuko da.
  • “Interneten ere Lehen Hitza euskaraz” (www.lehenhitza.eus) kanpainan zehaztutako ekimenak sustatzea herritarren artean, ingurune digitalean euskararen erabilera indartzeko. Zehazki honako hauek: nabigatzaileak euskaraz jartzeko ekimenak sustatzea, mugikorrak euskaraz jartzeko ekimenak sustatzea eta eskolatan gaia lantzeko unitate didaktikoa lantzea.
  • Herriko eskoletan eta udalaren menpeko egoitzetan nabigatzaileak euskaraz jartzeko neurriak hartzea, ingurune digitalean euskararen presentzia indartzeko.

Hitzarmen honen helburua euskarazko edukien eskaintzan eta eskarian eragitea da.

Eskaintzari dagokionez, PuntuEUS Behatokiaren arabera, 2017an 26.000 webgunek zuten, gutxi gorabehera, edukiren bat euskaraz. Euskal Herrian dauden webguneen % 16 da hori. Azterketa honen unibertsoa UEMAko udalerrietara mugatuz gero, ikus daiteke webguneen % 30ek euskarazko edukiren bat dutela; datua asko hobetzen da, beraz.

Horrek ondorio bat adierazten du: maila lokalean eraginez, euskararen egoera hobetu daiteke. Josu Waliñoren hitzetan, “hitzarmen honen bidez, UEMAko udalerrietan eragin nahi dugu euskarak Interneten duen presentzia herri hauetan are gehiago hobetu asmoz. Uste dugu, udalerri mailan, euskara-teknikariekin elkarlanean, estrategia eraginkorragoak landu ditzakegula webgunez webgune eragiteko”.

Hori egin ahal izateko tresna bat jarri da UEMAko udaletako euskara-teknikarien eskura, datu orokorretatik herriz herriko datu zehatzetara jaitsi ahal izateko.

Tresna horren bidez, herri bakoitzean euskarak sarean duen egoera zehazki ezagut daiteke:

  • Udalerri bakoitzean euskarak Interneten duen presentzia
  • Domeinuen banaketa udalerrian
  • Udalerrian erregistratutako webguneek euskaraz argitaratutako eduki-kantitatea

Baina, eskaintzan eragiteaz gain, eskarian eragitea ezinbestekoa da. Hau da, Internet erabiltzeko garaian erabiltzaileek euskararen aldeko hautua egitea.

Horretarako, PuntuEUS Fundazioak iaz abiatutako Interneten ere Lehen Hitza euskaraz kanpaina izango da oinarri. Kanpaina horretako datuek erakusten dute erabiltzaileen gutxi gorabehera % 2-3k baino ez dutela euskaraz nabigatzen. Are gehiago, euskaraz nabigatzen duten erabiltzaileen kopurua beherantz doa; batez ere, Interneteko nabigazioa mugikorren bidez egiten delako gero eta gehiago, eta jendeak ez du ohiturarik mugikorra euskaraz izateko, nahiz eta horretarako aukera badagoen.

Interneten ere Lehen Hitza euskaraz egitasmoak hainbat tresna eskaintzen ditu:

Horiek guztiak udalerrietako euskara-teknikarien esku daude herriz herri eragiteko, eta hitzarmen honen bidez erabilera hori aktibatzea lortu nahi da. Erabili nahi dituen edonoren esku daude www.lehenhitza.eus webgunean.