Hamar urterako hitzarmena sinatu dute Udalak eta PuntuEUSek

Ane Beitia Elgoibarko Udaleko alkateak eta Iñaki Goirizelaia PuntuEUS Fundazioaren lehendakariak hamar urterako hitzarmena sinatu dute. Hitzarmen horri esker, PuntuEUS Fundazioaren egoitza nagusia Elgoibarko Altzolatarren Dorretxean kokatuko da.

PuntuEUS Fundazioa 2012an sortu zen, Donostian, ICANNen aurrean .EUS domeinuaren eskaria aurkezteko. 2014an domeinua errealitate bihurtu zenetik, .EUS kontrolatu eta administratzeko ardura duen erakundea da. Aurten beteko dira 5 urte lehenengo .EUS webguneak sareratu zirenetik, eta gertu dago 10.000 domeinu-izen lortzea.

Ingurune digitalean euskara lehen mailako hizkuntza izan dadin egiten du lan PuntuEUS Fundazioak. Domeinuaren bidez, euskara ingurune digitalean baliagarri, erabilgarri eta ikusgarri egitea da helburu nagusia.

Elgoibarko Udalak bat egiten du PuntuEUS Fundazioaren helburuekin, eta begi onez ikusten du lankidetza-hitzarmen bidez Altzolatarren Dorretxeko lehen solairua PuntuEUS Fundazioari uztea, bere jarduera gauzatu dezan.

Elgoibarko Udala da Altzolatarren Dorretxearen jabea. Dorretxe bat da, XVII. mendean eraikia. Eraikina XX. mendearen bukaera aldera eraberritu, eta monumentu izendatu zuten, duen balio historiko eta artistikoagatik, 1964ko urtarrilaren 17ko aginduaren bidez.

Ingurune digitala jomugan

Kokapen berri honi esker, egiten duen lanak Elgoibarko herrian eragina izatea nahiko luke PuntuEUS Fundazioak. Helburua da Elgoibarko eragile eta herritarrekin elkarlanean ingurune digitalean eragitea, euskararen erabilera sustatzeko.

Abiapuntu gisa, Elgoibarko Izarrarekin eta Elgoibarko Udalarekin elkarlanean, 11. Euskara ala Ezkara jardunaldia antolatzen parte hartuko du PuntuEUSek. Euskarari eta euskal kulturari lotutako jardunaldiak ingurune digitala izango du ardatz aurtengo edizioan.