PuntuEUS Fundazioak eta BCSCk lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute .EUS domeinuen segurtasun-maila handitzeko

Zibersegurtasuneko Euskal Zentroak (BCSC) eta PuntuEus Fundazioak elkarrekin lan egingo dute estrategiak garatzen .EUSen eremuko domeinuen babesa hobetzeko. Aste honetan bertan sinatu da lankidetza-hitzarmen bat, jasotzen duena .EUS domeinu guztiak monitorizatzeko tresna bat garatzea, bi helbururekin: batetik, ebidentziak identifikatzea, jakiteko ea zibermehatxuren batek domeinuren bat konprometitu duen eta, baiezkoan, ea gorabehera kudeatu den; bestetik, domeinuen gaur egungo egoera ebaluatzea, jakiteko ea neurririk proposatu behar den haien segurtasuna handitzeko.

.EUS domeinuarentzat, segurtasunak lehentasuna izan du beti, eta, orain arte, merkatuan eskuratutako soluzio baten bidez monitorizatzen zituen bere domeinuak. BSCSrekin batera tresna propio bat garatzeak badu helburu bat: urrats bat gehiago egitea merkatuan eskuragai dauden tresnekin lortzerik ez dagoen segurtasun-maila batera iristeko. Ekimen aitzindari bat da, eta, hari esker, .EUS munduko domeinurik seguruenetakoa izango da.

.EUS domeinuen monitorizazioa laguntza funtsezkoa da domeinu honetan ostatatuta dauden eta beren kasa lan hori egiteko gai ez diren web-orrientzat. Dena dela, hori ez da .EUSek segurtasunaren arloan eskaintzen duen zerbitzu bakarra. Europatik kanpo diharduten beste domeinu batzuetan ez bezala,

.EUS domeinuan erregistratzeko ematen diren datuak erabat pribatuak dira, eta inork ezin ditu eskuratu. Horretarako, PuntuEUS Fundazioak itxi egin du bere domeinuen Whois-erako sarbidea.

Bestalde, .EUS domeinuko web-orriek Izenperen SSL ziurtagiri bat eska dezakete doan. Izenperen ziurtagiriek bermerik handienarekin ziurtatzen dute webgunea; izan ere, CA/Browser-en parte den eta mundu mailako onespena duen izaera publikoko ziurtapen-autoritate bakarra da.

Une honetan, 8.500 .EUS domeinu inguru daude, eta jotzen da urtea bukatzerako 10.000 ingurura iritsiko direla. Lankidetza hau lagungarria izango da .EUS domeinuak ukitzen dituzten zibersegurtasun-gorabeherak eraginkorrago eta modu efizienteagoan kudeatzeko, domeinuen zibersegurtasun-maila handitzeko, erabiltzaileen konfiantza areagotzeko eta TLDaren erabilera sustatzeko, eta, horrenbestez, lankidetza honek sustatu egingo du euskarak ingurune digitalean .EUS domeinuaren bidez duen erabilgarritasuna, presentzia eta ikusgaitasuna.