PuntuEUS Fundazioak Bai Euskarari Ziurtagiriaren maila gorena eskuratu du berriki, “Zerbitzua eta lana euskaraz” ziurtagiria, hain zuzen ere. Josu Waliño PuntuEUS Fundazioko zuzendariaren arabera, “fundazioak euskararekiko duen konpromisoa azpimarratzen du Bai Euskarari Ziurtagiriak”.

PuntuEUS Fundazioak bere jarduera euskaraz egiten du alor guztietan, eta Bai Euskarari lortu izana horren adierazgarri nabarmena da. Waliñoren esanetan, “Bai Euskarari Ziurtagiriak balio berezia du euskal eragileontzat, gure komunitatearekin euskaraz egiten dugula adierazten duelako, .EUS domeinuak webguneekin egiten duen moduan”.

Bai Euskarari Ziurtagiria Euskal Herriko alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko tresna baliagarria eta eragingarria da, eta PuntuEUS Fundazioak ziurtagiria eskuratu izana da horren adierazle.

Bezeroei begira, entitateak bereiztea eta zerbitzuak eta produktuak bere hizkuntzan jasotzea erakargarriagoa da. Horixe frogatzen dute egunero Bai Euskarari komunitateko ziurtagiridunek. Euskal Herri guztiko 1.300 entitate biltzen ditu gaur egun Bai Euskarari komunitateak.