Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek sustatutako proiektua da IKD GAZtE eta ikaskuntza Kooperatiboa eta dinamikoa du helburu. Ikasleak klaseetatik lan esparrura trebatzeko ahalegina da, eta horretarako urtero-urtero erakunde, gizarte-mugimendua, enpresa edota ekimenek parte hartzen dute ikasleei erronkak proposatzeko. Erronkak, erakunde, gizarte-mugimendua, enpresa edota ekimenek proposatutako lan munduko arazo errealak dira, eta ikasleek horiek bideratzeko soluzio eta estrategiak garatu behar dituzte.

Aurten PuntuEUS Fundazioak erronka proposamenean parte hartu du, eta ikasleei telefono mugikorrak euskaratzeko proposamena egin die, baietz 100.000! lelopean. Hiru minututako aurkezpena baliatuta, Internetak hizkuntzen desagerpenean duen eragina azaldu genien ikasleei, eta horregatik euskaraz nabigatzeak duen garrantzia azaldu. Horrekin batera, euskal eremu digitalaren potentzialitatea azaldu genien.

IKD GAZtEko dinamizatzaileak koordinatuta, EHUko hainbat gradutako bost ikasleek, hiru kredituren truke, lan egingo dute otsailaren 25etik maiatzaren 5a bitarte. Tarte horretan, elkarlanean arituko gara maiatzaren 12an amaiera lana aurkeztu arte.