·       Interneteko webguneen %13k erabiltzen du euskara, kale-erabilerarekin bat datorren datua da.

·       .EUS domeinu-izenak erregistratzen dituztenen artean %25 baino ez dira emakumeak.

·       .EUS domeinudun webguneak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, %90

Bigarren urtez jarraian Euskarak Interneten duten presentzia aztertu du PuntuEUS Behatokiak. Baita, Internetek Euskal Herrian duen presentzia ere, modu kuantitatibo zein kualitatiboan, horretarako hiru alor neurtuz: .EUS domeinuaren egoera, Internet Euskal Herrian eta Euskararen egoera Interneten. PuntuEUS Behatokia PuntuEUS Fundazioaren ekimena da eta euskarak Interneten duen egoera neurtzea du helburu eta emaitzak webgunean daude ikusgai. Azterketa urtean behin egiten da eta 2016ko datuen gainean egindako neurketaren emaitza aurkeztu du Josu Waliño, PuntuEUS Fundazioko zuzendariak, Martin Ugalde Kultur Parkean egindako aurkezpenean.

.EUS domeinuaren egoera

.EUS domeinua publiko egin zenetik bi urte bete direnean domeinuak bere tokia hartu du euskal Interneten. 2016. urtean ezarritako helburu guztiak bete dira, eta 6.302 domeinu-izenekin itxi zuen urtea .EUSek.

Euskal Herrian guztira 230.000 domeinu-izen daude erregistratuta, domeinu nagusiak (.com, .org, .net, .es etab) kontuan hartuta. Horien artean .EUS kopurua ez da handia, baina euskara duten webguneak 18.317 bakarrik direla kontuan hartzen badugu, gure domeinuak duen presentzia garrantzitsua da, hirutik bat .EUS baita.

Kalitateari erreparatuz gero, Euskal Herrian.EUS da Interneti eduki ekarpen handiena egiten dion domeinua. .EUS diren webguneek eduki asko argitaratzen dute, batez beste webguneko 7.131 dokumentu, Interneti ekarpen handia eginez. Gainerako domeinuek (.com, .net, etab.), webguneko, batez beste, 1.782 dokumentuko ekarpena egiten dute. Hau garrantzitsua da euskararentzat, .EUS webguneen edukiaren zati handia euskaraz argitaratzen delako.

Euskal Herrian egindako erregistroen datuak aztertuz gero domeinua Euskal Herri osoan zabaltzen da, baina desoreka nabarmenak daude lurralde batetik bestera, Gipuzkoa izanik lurralderik indartsuena. Datu hauek Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak burututako Inkesta eta Mapa Soziolinguistikoaren ondorioekin antzekotasun handiagoa dute lurraldeen banaketa demografikoarekin baino.

Izaerari dagokionean, .EUS domeinua erregistratzen duten erakundeen tipologiak erakusten du domeinuaren balioa orokorra eta askotarikoa dela. Interneten ohikoa den moduan, enpresak dira .EUS domeinuaren erabiltzaile nagusiak.

Internet Euskal Herrian

Euskal Herriko Interneteko merkatu osoari begiratuta, .COM eta .ES dira domeinu nagusiak, merkatuaren %75 hartuz bien artean. Hala ere, bi hauen joera beheranzkoa da. %2 jaitsi da .COM azken urtean, eta %9 .ES. Oro har, %7 jaitsi dira domeinuak Euskal Herrian, .EUS %28 hazi den bitartean.

PuntuEUS Behatokian 2015. urtean egindako azterketaren arabera, .EUS domeinua

merkatuan 8. posizioan kokatzen zen. 2016. urtearen amaierarako posizio hau hobetzea lortu du, .INFO domeinua aurreratuz eta 7. tokia hartuz. Domeinuaren hazkundea mantentzea lortu da, .EUSek 2016an %28ko hazkunde tasa izan du.

Euskararen egoera Interneten

Euskal Herriko webgune webguneen %13k erabiltzen du euskara, hau da, Euskal Herriko 18.317 webgunek dute edukiren bat euskaraz. Datu hau, bat dator Euskararen Kale Erabileraren azken neurketarekin.

Euskararen presentzia nabarmenagoa da .EUS domeinuetan. euskarazko edukia duten webgune kopurua %90ekoa da. Esan daiteke beraz .EUS domeinua dela euskararen arnasgune digitala.

Gainerako domeinuen kasuan, euskararen presentzia haien webguneetan %20aren azpitik dago kasu gehienetan. .ORG domeinua da euskara gehien duena, webguneen %34k euskarazko edukia duelarik, baina gainerako kasuetan euskararen presentzia oso txikia da.

Emakumea Ingurune digitalean

Behatokiak emakumeak Interneten duen presentzia ere neurtu du aurten. Datua ez da ona: .EUS domeinua erregistratzen dutenen %25 baino ez dira emakumeak.

Emakumeek ingurune digitalean duten presentzia txikia da nonahi. Europako Batzordeak argitaratutako ikerketaren arabera IKT alorrean lan egiten duten 7 milioi pertsonen artean %30 baino ez dira emakumezkoak, eta ehuneko hau are txikiagoa da ardura postuetan, %19ra mugatuaz.

UMAP txiolari euskaldunen jarduna jaso eta filtratzen duen webgunearen arabera euskal txiolarien artean %33 dira emakumeak. Erabiltzaileen rankingari erreparatuta, 22 emakume ageri dira lehen 100en artean eta bat bera ere ez lehen 10en artean.

Share on FacebookTweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestShare on Google+