Udako atsedenaldiaren ostean berriro martxan da Sarean irratsaioa. Ostegunero, iluntzeko 21:00etan Euskadi Irratian entzungai. Ingurune digitalaren arloan adituak diren emakumeak izango dira denboraldiko kolaboratzaileak.
Ekainaren erdialdean amaitu zen, 150 saioren langa gaindituta, Sarean irratsaioaren 5. denboraldia. Udako geldialdia bukatuta, irailaren 9az geroztik entzungai dago denboraldiko lehen saioa Sarean.eus agerkari digitalean eta EITBren webgunean. Ostegunero, iluntzeko 21:00etan Euskadi Irratian emitituko da Leire Palaciosen eskutik. Orain arte bezala, ordubeteko iraupena izango du.
Ainhoa Marzol, kolaboratzaile berria
Ordutegi aldaketaz gain, bada beste nobedaderik ere. Kolaboratzaile gisa ariko da Ainhoa Marzol, Bartzelonan bizi den andoaindarra. Sarean eta, inguru digitalean, oro har, puri-purian dauden tendentziak izango ditu hizpide.
Lorea Argaratek mantendu egingo du pasaden denboraldiko seriea. Hilabetean behin entzuteko aukera izango dugu hezkuntza, teknologia berriak, komunikazioa edota berrikuntzen inguruko elkarrizketa.
Horrez gain, Ainhoa Azkue, Nebukaik, irratiko uhinak astintzen jarraituko du bideo-jokoen inguruko albiste eta bitxikeriekin. Gamerrekin ligatzeko aholkuak eman zizkigun azkenekoz.
Xabier Unanuek osatuko du kolaboratzaileen zerrenda. Teknologiaren mundura konektatuta, bertan gertatzen denaz ariko da. Besteak beste, sarean datuak babesteko gomendioen berri emango du.
Teknologia ertz guztietatik
Ingurune digitala ardatz, sarea harrotzeko bezalako gaiak izango dira denboraldiaren protagonistak. Big Data eta industria digitala nabarmenduko diren arren, euskara, kultura, hezkuntza edota osasunarekin zerikusia duten elkarrizketak ere izango dira entzungai.
Euskadi Irratian emititu ostean elkarrizketa guztiak eskuragarri egongo dira Sarean.eus webgunean, ingurune digitaleko adituek idatzitako artikuluekin batera. Izan ere, teknologiaren esparru ezberdinenetako adituek idatzitako ekarpenak dira sarean.eus agerkari digitalaren ardatza.