Helburua, ingurune digitalean erabiltzen den hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa sustatzea da Oiartzungo herritarren artean

Oiartzungo Udalak, UEMAk eta PuntuEUS Fundazioak Euskara sarera izeneko kanpaina martxan jarri dute. Sarean eta teknologiaren erabileran Oiartzungo herritarrek dituzten hizkuntza ohituren eta horietan euskararen erabileraren inguruan hausnarketa bultzatzea da helburua.

Euskara sarera kanpainak lau gai landuko ditu Oiartzunen

Kanpainiak oiartzuarrek ingurune digitalean dituzten hizkuntza ohituren inguruan hausnartzera gonbidatu nahi ditu, eta teknologia erabiltzerakoan zein sarean euskaraz aritzea sustatu nahi da. 

Euskara sarera kanpainaren baitan, lau gai landuko dira: Internet bidezko mezularitzan erabiltzen dugun hizkuntza; telefono mugikorra konfiguratua dugun hizkuntza; Interneten nabigatzeko hizkuntza eta sare sozialetan erabiltzen duguna. Guztietan dago euskaraz egiteko aukera eta horixe da oiartzuarrei errepikatuko zaien galdera: “Nik euskaraz egiten dut, eta zuk?”.

Josu Waliño, PuntuEUS Fundazioaren zuzendariaren hitzetan “Euskarak Ingurune  Digitalean duen ikusgarritasuna handitzeko erabakigarria da ahalik eta erabiltzaile gehienek sarean ere lehen hitza euskaraz ematea. Sareko lehen hitz hori, gure hizkuntza zein den adierazten duena, gure gailuek ematen dute eta horregatik garrantzitsua da erabiltzaileek gailuak euskaraz konfiguratuta izatea, nabigatzaileak zein mugikorrak.”

Udala, UEMA eta PuntuEUS Fundazioaren elkarlana

Oiartzungo Udalak eta UEMAk, eremu digitala euskalduntzeko hitzarmena sinatua dute PuntuEUS Fundazioarekin eta bat egin dute bide honetan. 

Bestalde, Oiartzungo Udala UEMAko -Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea- kide da. UEMAk udalerri euskaldunetako herritarrok esparru guztietan euskaraz bizitzeko duten eskubidea bermatu ahal izateko lan egiten du, besteak beste. 

Ingurune digitalean ere euskararen normalizazioa bultzatzeko, hiru erakundeen arteko elkarlana du abiapuntu Euskara sarera kanpainak.