PuntuEUS Fundazioak nortasun digitala lantzeko ikastaroak egingo ditu bigarren urtez Euskal Herriko Unibertsitatean. Ikastaroak lau deialdi izango ditu, hurrengo kanpusetako bakoitzean behin: Gasteiz, Donostia, Bilbo eta Leioa.

Izen-ematea irekita dago Euskal Herriko Unibertsitatean matrikulatuta dagoen ikasle orori. Ikastaroa egiten duten ikasleek kreditu erdia lortuko dute.

PuntuEUS Fundazioak EHUrekin batera egingo dituen ikastaroen helburua unibertsitate ikasleei identitate digitala kudeatzeko gakoak ematea da, sareak eskaintzen dituen abantailak ezagutu, eta ezkutatzen dituen arriskuen jabe izan daitezen. Ildo beretik, lan mundura salto egiteko lagungarria izango zaien porfolio digitala egiteko iradokizunak emango zaizkie.

Ikastaroak Euskal Herriko Unibertsitatearen lau kanpusetan errepikatuko dira, ikasleak horietako edozeinetan eman ahalko du izena. Kanpusaren arabera euskaraz edo gaztelaniaz izango dira ikastaroak. Ikastaroak astearte edo asteazkenetan izango dira, 15:00 – 18:00 ordutegiarekin. Hemen xehetasunak:

  • Leioa (Liburutegi Nagusia): Otsailaren 25ean, euskaraz, 15:00-18:00
  • Gasteiz (Elurreta/Las Nieves): Otsailaren 26ean, gaztelaniaz, 15:00-18:00
  • Donostia (Ignacio Mª Barriola gelategia): Martxoaren 3an, euskaraz, 15:00-18:00
  • Bilbo (Ingeniaritza Eskola, II eraikina): Martxoaren 4an, gaztelaniaz, 15:00-18:00

Unibertsitateko ikasleentzat ezinbesteko tresna da Internet, bai aisialdian bai lan mundura sartzean eta, hortaz, funtsezkoa da sarea behar bezala erabiltzen ikastea. Ikastaroaren helburua ikasleei Interneti ahalik eta etekin handiena ateratzen irakastea da, lan mundura begira batez ere.

Izen-emate epea amaitu da.