Ni.eus, pribatutasuna errespetatzen duen euskarazko email zerbitzua, jaio da

  • Pertsonen arteko harreman digitaletan .EUS domeinua erabiltzea ahalbidetzen du

Igande honetan, maiatzaren 17an, ospatzen da Interneten Nazioarteko Eguna. Egun horretan, PuntuEUS Fundazioak Euskarazko Interneten Eguna ospatu ohi du komunitatearekin elkartuta. Aurten ere izango da zer ospatu. Osasun larrialdia dela eta aurrez aurreko ekitaldirik ez, baina komunitateari zuzendutako zerbitzu berri bat sareratuko da.

.EUS domeinua merkaturatu zenetik webgunerik ez duten erabiltzaileek sarri eskatu dute .EUS domeinudun posta elektronikoa erabiltzeko desioa. Eskari horri erantzuteko garatu dute  PuntuEUS Fundazioak eta Guebs enpresa euskaldunak lankidetzan ni.eus: pribatutasuna errespetatzen duen euskarazko .EUS e-mail zerbitzua.

Ni.eus posta elektronikoak pertsonen arteko harreman digitaletan .EUS domeinua erabiltzea ahalbidetzen du: doako bertsioan ni.eus domeinuan (adibidez: ximun@ni.eus) edo premiun planen kasuan, norberaren gustuko .EUS domeinua pertsonalizatuta (adibidez: info@ane.eus edo kaixo@mendielkartea.eus). Ni.eus euskaratik eta euskaraz sortutako posta zerbitzua da: bezero arreta, web interfazea, laguntza dokumentuak eta bezero-gunea eskaintzen ditu, guztiak euskaraz.

Zerbitzu berri hau Interneteko erabiltzaile euskaldunei zuzenduta dago, norbanako, elkarte zein enpresentzat, eta urtea amaitu aurretik milaka e-mail kontu sortzea espero da.

Pribatutasuna bermatuta

Ni.eus posta zerbitzuaren bereizgarrietako bat, beste zerbitzu batzuekin alderatuta, pribatutasuna da. Ni.eus posta zerbitzuak erabiltzaileen datuen pribatutasun eta segurtasuna bermatzen du: iragarkirik ez, trackingik ez eta komunikazio zifratuak. Ez du inolako iragarkirik erakusten ezta erabiltzaileen erabileraren inolako jarraipenik egiten ere.

Horrez gain, nonahi erabili daiteke. Sakeleko telefonoan edo ordenagailuan ohiko dugun posta programan konfiguratu daiteke baina online webmail bidez erabiltzeko aukera ere ematen du. Gainera, zerbitzu osagarriak ere eskaintzen ditu:  egutegia, helbide-liburua, berbideraketak eta askoz gehiago.

PuntuEUS Fundazioa

PuntuEUS Fundazioak Ingurune digitalean euskara lehen mailako hizkuntza izan dadin egiten du lan. .EUS domeinuaren bidez, euskara, ingurune digitalean, baliagarri, erabilgarri eta ikusgarri egitea da xedea.

.EUS domeinuaren administrazio eta sustapenaz gain hainbat proiektu eta tresna eskaintzen ditu: labur.eus, url laburtzailea; sarean.eus, iratsaioa; kaixomundua.eus, hezkuntza-proiektua; kodepoesia.eus, kode-poesia laborategia; tori.eus, fitxategiak partekatzeko tresna; eta abar.

Guebs

Duela 15 urte baino lehenagotik domeinuen erregistro eta hosting zerbitzuak eskaintzen dituen hornitzaile euskalduna da.

Euskara eta .EUS domeinuen erabilera bultzatzeaz gain, kalitatezko zerbitzuak eta bezero-arreta hurbila eskaintzea ditu helburu.