Lehen Mailako Domeinu Geografikoen Nazioarteko Elkartea sortu da

Elkarteak hiri, eskualde, hizkuntza eta kulturentzako identitate digital berriak sustatzen ditu.

Lehen mailako domeinu geografikoen operadoreek (hala nola .nyc, .eus, .london, .berlin eta .tokyo domeinuak) irabazi-asmorik gabeko nazioarteko elkarte bat sortu dute Bruselan.

GeoTLD Group [AISBL] elkartearen helburua hau da: lehen mailako domeinu geografikoak sustatzea, azpiegitura digitalaren funtsezko osagai bihurtzen direla ziurtatuz, toki, hizkuntza edo kultura bateko interes-taldeei mesede egiteko. Lehen mailako domeinu geografikoek komunitate mailako informazioa, komunikazioa, hazkundea, aberastasuna eta oparotasuna bultzatzen dituzte, eta GeoTLD Group elkartearen asmoa haiei babesa ematea da. Lehen aipatutakoez gain, hasierako kide hauez osatua dago GeoTLD Group elkartea: Amsterdam, Lurmutur Hiria, Paris, Sydney, Viena eta munduko beste zenbait hiri eta eskualde.

Hogeita hamar urtean baino gehiagoan, hiri eta eskualde batzuek herrialdearen lehen mailako domeinuei edo nazioartekoei lotu behar izan dizkiete beren identitate digitalak. Brusela, adibidez, www.visitbrussels.be gisa komunikatzen zen online, eta, beraz, herrialdearen luzapena (.be) zen bere identitatea. Gaur egun, hiriek eta eskualdeek beren luzapen geografikoa izan dezakete, hala nola .brussels eta .alsace, bai eta komunitateek eta hizkuntzek ere, hala nola .gal galegoarentzat. Horrek aukera ematen du zenbait alorretan hurrengo pausuak sormenez emateko, hala nola toki bateko markaren arloan, tokiko gobernu elektronikoan eta Gauzen Interneten arloan (IoT). Bruselak, orain, badu lehen mailako domeinua, eta, jakina, www.visit.brussels ari da erabiltzen bere marka gisa, bai lokalki, bai nazioartean.

“Lehen mailako domeinu berriekin, aro berri batean sartu gara, eta tokiko komunitateek ere badute beren Internet zatia. Interneteko erabiltzaileek ondo hartu dituzte identitate digital berriak, eta gero eta gehiago erabiltzen dituzte, nola gobernuek eta tokiko konpainiek, hala banakoek”, dio GeoTLD Group elkarteko lehendakari Chairman Sébastien Ducosek. “Nazioarteko elkarte baten bidez, konektatu egin gaitezke, gure kideen interesak susta ditzakegu, eta interes-taldeak erakarri tokian, estatuan eta nazioartean”.

Halaber, GeoTLD Group elkartearen xedea da hiri, eskualde eta komunitate gehiagok jakitea zer abantaila dituen nork bere Interneteko tokiko identitatea izateak. Elkartearen eta haren kideen esperientzia eta jardunbide egokia lagungarriak izango dira alderdi interesatuei onurak ekartzeko eta haien Internet zatia lortzeko prozesua azkartzeko.

GeoTLD Group [AISBL] elkartea

GeoTLD Group [AISBL] nazioarteko elkarte bat da, irabazi-asmorik gabea; bazkidez osatuta dago, eta egoitza Belgikan du. Izen, identifikatzaile edo jatorri geografiko batean oinarritzen diren lehen mailako domeinu orokorrak (GeoTLD domeinuak) erabiltzen dituzten erakundeen interesak ordezkatzen eta sustatzen ditu, dagokion tokiari, hizkuntzari eta kulturari zerbitzua emateko. Kideak 16 herrialdetako 23 hiri handi, eskualde eta hizkuntza-/kultura-komunitatetako gobernuak, erakundeak, konpainiak eta elkarteak dira.