Joan Mari Torrealdai, PuntuEUS Fundazioko lehendakaria, 2015eko Lekuona Saria

Joan Mari Torrealdai Nabea (Forua, Bizkai, 1942) soziologo, idazle eta euskaltzaleak jasoko du 2015eko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria. Epaimahaiaren hitzetan, urte zailenetatik hasi eta gerora, lan handia egin du euskararen eta euskal kulturaren sustapenean, gizartean “eredugarri” eta “erreferente” bilakatuz. Ildo berean, idazle bizkaitarraren kultur ekoizpena goratu du, eta bere curriculumak sariaren filosofiarekin bat egiten duela nabarmendu: “Manuel Lekuonaren kezka ez zen bakarrik izan euskara eta euskal kultura ikertzea, baizik eta biziaraztea, hau da, gizartean merezi duten lekua ematea, eta horrekin bat egiten du Torrealdaik”.

 

Joan Mari Torrealdai da PuntuEUS Fundazioaren lehendakaria. Torrealdai “Jakin” eta “Anaitasuna” aldizkarien zuzendari izan da, eta “Euskaldunon Egunkaria”ko kontseilu editorialeko kide, 1990ean sortu zenetik. Saiakera alorrean, zein kazetaritzan aritu da. “Iraultzaz” (1973) saiakeraren ondoren, euskarazko idazleei buruzko ikerketa soziologiko bat argitaratu zuen: “Euskal idazleak gaur”.

1993tik aurrera XX. mendeko euskal liburuen katalogoa prestatu zuen. 1997an euskarazko kulturaren egoerari buruzko ikerketa soziologiko mardula argitaratu zuen: “Euskal kultura gaur”.

1998an “El libro negro del euskera” argitaratu zuen, euskarak mendeetan zehar jasandako erasoei buruzkoa. Urte hartan bertan, berak idatzitako biografia editatu zen: “Martin Ugalde. Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena”. “La censura de Franco y los escritores vascos del 98” idatzi ondoren, Irun Hiria Saria eskuratu zuen saiakera modalitatean, “La censura de Franco y el tema vasco” (1999) obrarekin.

2007an euskaltzain oso izendatu zuten eta 2011n Jose Antonio Arana Martija (2010eko Manuel Lekuona Saria) ordezkatu zuen aipatutako erakundeko Azkue Liburutegiko arduradun lanetan.

2010ean Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta Saria eman zion, euskararen azterketaren eta sustapenaren arloetan egindako lanagatik.