Interneten ere, lehen hitza euskaraz lankidetza-proiektua aurkeztu dute gaur PuntuEUS Fundazioak, CodeSyntaxek, Ikastolen Elkarteak eta Kontseiluak, Interneten lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz ohartarazi eta erabilera areagotzeko.

Gaur egun, webgune batean sartzen garenean, erakusten zaigun edukia, gehienetan, gure nabigatzailearen hizkuntzaren araberakoa da. Ondorioz, nabigatzailea edo mugikorra euskaraz konfiguratuta badago, webgunea euskaraz agertuko da; bestela, berriz, erdaraz.

Panorama kezkagarria da. Lan-talde honek sarean egin dituen neurketek diotenez, Euskal Herriko internauten %3-5 inguruk bakarrik dauka euskara zehaztuta nabigazio-hizkuntza bezala. Kopuru hori bikoiztu egiten da euskaldunen artean (%10 inguru), baina hala ere, oso kopuru txikia da. Internauta teknofilo eta motibatuenen artean ere, gehiengoa dira nabigazio-hizkuntza erdara daukatenak (%70-80 bitartean).

Euskaraz nabigatu ezean, webguneak garatzen dituztenek ez dute euskara kontuan hartuko, eta, beraz, ez da euskarazko edukirik izango. Are gehiago, mugikorren eta ordenagailuen sistemak ere ez dituzte euskaraz kaleratuko.

Horregatik, nabigatzaileak eta mugikorrak euskaraz jartzeko kanpaina abiatuko dute aipatutako erakundeek.

Erabiltzaileei eta webguneen arduradunei deia

Kanpaina erabiltzaileei eta webguneen arduradunei zuzenduko zaie.

Alde batetik, sustatzaileek erabiltzaileak gonbidatu dituzte nabigatzailea eta mugikorra euskaratzera. Bakoitzak ahalegin txikia eginda, ekarpena egingo diogu hizkuntzaren normalizazioari. Eta, aldaketa errazteko bi baliabide sortu dituzte: automatikoki nabigatzailea euskaratzen duen plugina eta telefono mugikorra euskaratzen duen aplikazioa.

Horrez gain, haur, nerabe eta gazteei horren garrantzia azaltzeaz gainera, horiek ezagutaraztea eta erabiltzen irakastea da helburua. Horretarako, Interneten ere, lehen hitza euskaraz unitate didaktikoa prestatu da. Unitate didaktiko hori Ikastolen Elkarteko ikastoletan landu dezaten bultzatuko da, eta, era berean, beste ikastetxe guztien esku jarri eta erabiltzera animatu dituzte antolatzaileek.

Bestetik, webguneen arduardunei ere euskara lehenesteko deia egin diete sustatzaileek. Hau da, haien webguneek defektuz lehen orria euskaraz erakutsi dezaten, hautua cokieen esku utzi beharrean. Izan ere, sarri erabiltzaileek ez dute erabaki konszienterik hartzen, ez dituzte gailuen hizkuntzak konfiguratzen. Eta, erakunde eta enpresen ardura ere bada haien webguneek ematen duten lehen hizkuntza definitzea.

II. Euskarazko Interneten Egunean aurkeztuko da egitasmoa

Interneten ere, lehen hitza euskaraz egitasmoa maiatzaren 17an, Euskarazko Interneten Egunean aurkeztuko zaio gizarteari. Izan ere, maiatzaren 17 honetan, Nazioarteko Interneten Egunean, ospatuko du komunitateak Euskarazko Interneten Eguna, bigarren urtez jarraian. Aurten, Azpeitian ospatukoa da PuntuEUS Fundazioak eta Kulturaz Kultur Kooperatibak antolatuta.

Internet egunaren helburua eguna ospatzea eta euskarazko Interneten sustapenean eragitea izango da. Beti ere, festa giroan. Festa girotzen izango dira Miren Gaztañaga aktorea eta Xabi Solano eta DZ musikariak. Beste sorpresa asko ere izango dira. Azpeitiko San Agustin Kulturgunean, arratsaldeko 19.00etatik aurrera.

Share on FacebookTweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestShare on Google+