PuntuEus Fundazioak eta udal batek lehen aldiz sinatu dute horrelako akordio aitzindaria, euskarazko digitalizazioa sustatzeko. Hitzarmenaren helburua Oiartzungo ingurune digitalean euskararen presentzia handitzea izango da. Oiartzungo entitateei PuntuEus domeinua zabaltzeko erraztasunak emango dituzte.

   

 PuntuEus Fundazioak eta Oiartzungo Udalak ingurune digitalean euskararen presentzia areagotzeko hitzarmen aitzindaria sinatu dute. Euskal Herrian udal baten eta PuntuEus Fundazioaren artean halako zerbait egiten den lehenengo aldia da.

Hitzarmenaren helburua herriko ingurune digitalean euskararen presentzia handitzea izango da. Horretarako, egungo egoera aztertuko da eta egoera ezagutu ondoren, euskararen erabilera handitzeko ekintzak planteatuko dira.

Josu Waliño, PuntuEus Fundazioaren zuzendariaren hitzetan “PuntuEUSek gizartearen transformazio digitalean euskaratik eragitea du helburu, eta gaur sinatzen dugun hitzarmen honek xede hori du: abiatuko ditugun ekimenen bidez euskarak ingurune digitalean duen presentzia indartzeaz gain, Oiartzunen, maila lokalean, transformazio digitala euskaratik sustatzea eragingo da, merkatari eta enpresa txikien digitalizazioa euskaratik bultzatuz.

Hasteko eta behin Udalak erraztasunak emango ditu: PuntuEus domeinua urtebetez ordainduko die herriko 100 entitateri.

Oiartzun, potentzialitate handiko herria

Oiartzungo Udalak ingurune digitalean euskararen presentzia eta erabilera sustatzearen alde egindako apustua ez da berria. Udalaren webgune korporatiboa PuntuEus domeinukoa da 2016tik (www.oiartzun.eus).

Jexux Leonet Oiartzungo alkatearen arabera, “Oiartzunen aukera handiak ikusten ditugu. Udalerri euskalduna da eta industrigune zabala du. Potentzialtasun handia du PuntuEus zabaltzeko gure herrian”.

Oiartzunen 500 enpresa baino gehiago daude, tamaina ttiki, ertain eta handikoak.

Udalak sustatutako hiru egitasmoren bidez zabalduko dira PuntuEus domeinuak

Oiartzungo Udalak sustatutako hiru egitasmoren bidez egingo da PuntuEus domeinuaren hedatze lana Oiartzunen: LANIN, Euskara Merkataritzara eta Euskara Elkartera.

Enpresa txiki eta ertainetan (50 langile baino gutxiagokoak) euskararen erabilera sustatzeko LANIN egitasmoa 2017an jarri zuen martxan Udalak. Orain arte, 42 enpresatan egin dira ekintzak. Webguneen itzulpena izan da gehien eskaini den zerbitzuetako bat.

Euskara Merkataritzara, berriz, herriko ostalaritza eta merkataritza establezimenduetan euskararen presentzia handitzeko egitasmoa da. 1995etik dago martxan.

Euskara Elkartera egitasmoa 2006an jarri zuen martxan Oiartzungo Udalak, herriko elkarteetan euskararen erabilera areagotzeko. Urte batzuetan hitzarmen zehatzen bidez funtzionatu ondoren, guar egun normalizazio maila altua duten 22 elkartetan lantzen da.

Euskararen normalizazioa, eremu guztietan

Oiartzungo Udalaren helburua euskararen erabilera eta presentzia normalizatzea da, naturalki jarduteko modu bihurtu arte. Horretarako, aktibazioa lantzen du eta zerbitzuak eskaini, herriko esparru ezberdinetan euskararen normalizazioa errazteko. Ingurune digitalean euskararen presentzia handitu eta normalizatzea ere horietako bat da, eta horregatik, Udalak uste du PuntuEus Fundazioarekin bi urterako sinatutako hitzarmenak bide hori urratzen lagunduko duela.