Euskarazko lehen kode-poesia laborategia martxan da

  • PuntuEUS Fundazioak euskarazko lehen Kode-poesia laborategia martxan jarri du www.kodepoesia.eus webgunearen bitartez, eta parte hartzea librea izango da.
  • Parte hartzaileei bideratuta, irailetik urrira bitartean, Bertol Arrieta idazle eta informatikariak gidatutako Kode-poesia ikastaroak eskainiko ditu doan PuntuEUS Fundazioak Bilbon, Donostian, eta Gasteizen.
  • Jasotako lanen arabera argiratuko da euskarazko lehen Kode-poesia liburuxka digitala.

PuntuEUS Fundazioak Euskarazko lehen kode-poesia laborategia martxan jarri du. Euskarazko literatur sorkuntza digitala sustatzea helburu duen proiektua da.

Kode-poesia laborategia esperimentaziorako eremu digital irekia izango da, horregatik parte hartze irekia sustatuko da eta ekarpenak edozein momentutan egin ahalko dira.

Zer da kode-poesia?

Kode-poesia programazio lengoaiak erabilita idazten den olerki mota bat da. Kode-poesiaren helburu nagusia idatzitako kodearekin olerki bat osatzea da, aukeratutako
programazio lengoaian. Programatzearen helburu nagusia funtzionatzen duen produktu bat (mugikorrerako aplikazioa, webgunea, etab.) garatzea izan arren, kode-poesian horrek ez du (hainbesteko) garrantziarik. Sortutako olerkia, olerkia izateaz gain, funtzionatzen duen programa bat izan daiteke, baina ez da beharrezkoa. Olerkiak duen muga bakarra aukeratutako programazio lengoaiaren sintaxia da, lengoaia bakoitzak bere berezitasunak dituelako: formatu arauak, funtzio berezidun hitzak, etab.

Osagai guzti horiek hartuta olerkiak osatzen dira eta, gainontzeko olerki generoetan bezala, edozein gairen ingurukoak izan daitezke! Programazio lengoaiek erabiltzen dituzten hitz gakoak normalean ingelesetik mailegatzen direnez, orain arte egin diren kode-poesiak ingelesez idatzi dira gehienbat. Hala ere, edozein hizkuntzatan idatzi daitezke, euskaraz ere bai. Horretarako sortu da kode-poesia laborategia; sorkuntza eremu digitalean sustatzeko.

Kode-poesia nola egin daitekeen ikasi nahi dutenenentzat doako ikastaroak eskainiko ditu PuntuEUS Fundazioak Bertol Arrieta (Zarautz, 1975) informatikari eta idazlearen laguntzarekin.

Doako ikastaroen datak eta izen-ematea

Donostia

  • Eguna: Irailak 24, asteartea
  • Ordutegia: 17:00 – 19:00
  • Lekua: Tabakalera
  • Izen-ematea

Bilbo

  • Eguna: Urriak 2, asteazkena
  • Ordutegia: 17:00 – 19:00
  • Lekua: Azkue Fundazioa (Euskararen Etxea)
  • Izen-ematea

Gasteiz

  • Eguna: Urriak 8, asteartea
  • Ordutegia: 18:30 – 20:30
  • Lekua: Oihaneder
  • Izen-ematea