Euskararen osasun digitala neurtu du PuntuEUS Behatokiak

  • Interneteko webguneen %17k erabiltzen du euskara
  • .EUSek 5.000 domeinuen langa gainditzeko kanpaina abiatu du, prezioa %80 jaitsita abenduan.

PuntuEUS Behatokia aurkeztu du gaur PuntuEUS Fundazioak Bilboko Kafe Antzokian emandako prentsaurrekoan. Behatokiaren egitekoa euskarak Interneten duen presentzia eta osasuna aztertzea da, modu kuantitatibo zein kualitatiboan. Horretarako 3 alor neurtzen ditu: .EUS domeinuaren egoera, Internetek Euskal Herrian duen presentzia eta euskararen egoera Interneten.

Josu Waliño, PuntuEUS Fundazioko zuzendariak azaldu duenez, “orain arte ez genuen daturik .EUS domeinuaren arrakasta neurtzeko, ezta euskararen osasun digitala neurtzeko ere. Euskarak Interneten osasun ona duela esan izan dugu askotan, komunitate digital osasuntsua duela, hizkuntza nagusien artean sarean ongi kokatzen dela, baina hori baieztatzeko ditugun datuak oso gutxi izan dira. Ez dugu inoiz neurtu euskararen presentzia Interneten zenbatekoa den, ezta Internetek berak Euskal Herrian duen presentzia ere: zenbat euskal webgune dauden sarean, eta horietako zenbatek duten edukia euskaraz. Horren ondorioz, gaur arte ez genekien .EUS domeinuak Interneten izandako barneratze maila zenbatekoa zen, eta ezta zenbatekoa izan behar zen ere. PuntuEUS Behatokia hutsune hau betetzera dator, euskarak Interneten duen presentzia indartzeko behar diren estrategia eta politikak definitzeko garaian beharrezko den tresna baliagarria eskainiz euskal gizarte osoari”.

PuntuEUS Behatokiaren arabera %17koa da euskararen erabilera Interneten. Edo,
zehatzago esanda, Interneteko domeinu nagusietan (.eus, .com, .es, .org…) dauden
webguneen %17k erabiltzen du euskara, bataz beste. Kalean baino zerbait gehiago, baina ez asko. Euskararen Kale Erabileraren azken neurketaren arabera %13,3koa da
euskararen kale-erabilera.

Interneteko TLD (lehen mailako domeinu) nagusietan euskarazko edukia duten webguneen ehunekoa aztertuta, nabarmen gelditzen da .EUS domeinua dela euskara gehien duen TLDa. Kasu honetan euskarazko edukia duten webgune kopurua %88koa da eta euskararik ez duten domeinu-kopurua %12an kokatzen da. Esan daiteke beraz .EUS domeinua dela euskararen arnasgune digitala. Gainerako domeinuen kasuan, euskararen presentzia haien webguneetan %20aren azpitik dago kasu gehienetan. Gaur egun guztira 16.559 dira Euskal Herrian euskarazko edukia duten webguneak eta horietatik 4.500ek .EUS domeinu-izena dute.

Euskal Herriko Interneteko merkatu osoari begiratuta, .COM eta .ES dira TLD nagusiak, merkatuaren %77 hartuz bien artean. Gainerako TLDek merkatu kuota txikia hartzen dute. Euskal Herrian erregistratutako domeinu-izenen artean .EUS %2 baino ez dira oraingoz, .INFO domeinuaren pare.

Urtebeteko bizitzan 4.500 .EUS domeinu-izen erregistratu dira: %34 enpresek erregistratu dituzte, %19 erakunde publikoek eta %15 euskararen eta kulturaren arloko erakundeek. Webgune askok eman du .EUSerako jauzia; eta, horri esker, munduko 783 domeinu berriren artean egindako azterketan 4. postua lortu du .EUSek kalitateari eta SEOri dagokionean.

Banaketa geografikoari dagokionez, .EUS domeinuak mundu guztian du zabalkundea, erregistroen %10a Euskal Herritik kanpo egin direlarik. Euskal Herrian egindako erregistroen datuak aztertuz gero desorekak ikusten dira lurraldeen artean, agerian utziz domeinuaren presentzia handiagoa dela euskarak indar gehiago duen lurraldeetan.

 

Metodologia eta lankidetzak
Azterketa hau egin ahal izateko domeinu guztietako euskarazko, gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko edukiak zenbatzeko bi estrategiaz baliatu gara: Domeinu mailako crawlinga eta domeinu mailako web-bilaketak. Estrategia automatiko horiez gain, .EUS domeinuen kasuan euskararen presentzia eskuz neurtu da, zehaztasun maila hobea lortuz. Domeinuen sailkapenari dagokionez, honako domeinuak aztertu dira: .EUS, .COM, .NET, .INFO, .ORG eta .BIZ gTLD edo lehen mailako domeinu generikoak eta .ES, FR. eta .EU ccTLD edo estatu-kodeei dagozkien lehen mailako domeinuak.

PuntuEUS Behatokia proiektua PuntuEUS Fundazioaren ekimena da. Horrez gain, txostenaren pretsaketan lagundu dute PuntCAT Fundazioak, Elhuyar, Gaindegia & Euskalgeok eta Beñat Garaio soziolinguistak. Bestetik, proiektu honek Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren diru-laguntza jaso du Interneteko argitalpenerako.

5.000 baietz!

Abenduan, domeinua 9.95ean

2007an abiatu zenetik agerian geratu da .EUS Interneteko komunitateak ez duela mugarik. Domeinua errealitate bihurtzea lortu zen, eta orain hazten jarraitzeko beharrean dago, urtea amaitu baino lehen 4.500 izatetik 5.000rako jauzia eginez.

Erronka honetan 500 domeinu-izen berri erakarri nahi dira euskararen komunitate digitalera. .EUS domeinuaren urtebetetze ospakizunak eta Euskararen Nazioarteko Eguna tarteko, erronkari erantzun eta helburua lotzeko erraztasunak emate aldera, abenduaren 3tik urte amaiera bitartean, eskaintza oso bereziaz baliatu eta 9,95 euroan eskuratu ahal izango da domeinua, ohi baino %80 merkeago!
5.000 baietz! Anima zaitez eta sortu zure .EUS domeinu-izena.