PuntuEUS Fundazioak Euskararen Estrategia Digitalerako oinarrizko ideiak proposatu ditu hainbat forotan. Tartean,  Eusko Legebiltzarra, GFA Etorkizuna Eraikiz, eta Eusko Ikaskuntzaren kongresua.


Izan ere, adostasunean oinarritutako Estrategia Digital baten beharra gero eta nabarmenagoa da. Euskara ardatz izango duen Estrategia Digitala, honako gakoetan oinarritu beharko litzateke gutxienez:

     1. Bitartekotza.
Bitartekotza egingo duen entitate bat behar du euskarak, bere estrategia digitala garatuko bada, baina bitartekotzaz hitz egitean ez ditugu soilik Google eta Facebook bezalako erraldoiak izan behar kontuan. Gertuko eragile eta sektorearekin ere izan behar da harremana, Euskal Herrian garatzen den teknologiak euskara kontuan izan dezan, euskararen lurraldean euskararentzat teknologia gara dezagun, eta plan berrietan euskarak bere tokia izan dezan.

     2. Burujabetza teknologikoa
Garbi izan behar dugu Euskarak behar duen teknologia ez dela atzerrian garatuko, interes ekonomiko urria pizten duelako. Baina gure Estrategia Digitalean onartzen badugu euskarak teknologia behar duela, ezinbestekoa dugu Burujabetza teknologikoaren bidea jorratzea, horretarako bide-orri propioa garatuz eta profesional euskaldunak trebatuz.

     3. Edukien garapena
Euskara eraman behar dugu ingurune digitalera esparru guztietan, testua eta baita ikus-entzunezkoak ere, eta horretarako estrategia eta plataforma propioak behar ditugu.
Sorkuntza garestia da, eta hau bideragarri egiteko ezinbestekoa da berariazko diru-laguntza lerroak indartu eta euskarazko marketin digitalaren aldeko apustua egitea, sarean euskarazko edukiak argitaratzea sozialki eta ekonomikoki errentagarria izan dadin.

     4. Sustapena
Euskarazko Ingurune Digitalaren estrategiak bi alderdiak hartu behar ditu kontuan: eskaintza eta eskaria. Ez du ezertarako balio euskarazko edukiak argitaratzea euskaraz kontsumitzeko ohiturak indartzen ez badira. Hau guztia kontuan hartuta, ezinbestekoa da ezagutza eta kontzientziazioa lantzea, erabileraren alderdian eraginez. Euskarazko edukien eskaintza zabaldu eta bideragarri egingo duen erabiltzaile komunitate aktiboa garatu behar dugu.

      5. Gidaritza
Euskarak behar duen estrategia digitala arrakastaz garatzea espero badugu ezinbestekoa da adostutako gidaritza bateratua izatea. Orain arteko txosten eta estrategiak gomendioetara mugatzen ziren, edo gaiaren ardura erakunde desberdinen artean banatzen ziren. Horregatik, euskararen estrategia digitalaren zutoinetako bat honen diseinu, garapen eta eguneratzeaz arduratuko den entitate legitimatu baten izendapena izango da, beharrezko neurriak adostasunez ezarri ahal izateko.