Euskal gizartearen digitalizazioan lagunduz, .EUS domeinuaren erabilera %18 hazi da aurten

  • Osasun krisiak eragindako digitalizazioaren azkartzea irudikatzen duen Maridomingi eta Bizarzuriren spota  aurkeztu du PuntuEUSek.
  • Domeinuen zibersegurtasunean sakondu asmoz Cybasque elkartearen kide berria da PuntuEUS Fundazioa.
  • Abenduaren 1tik abenduaren 31ra,  .EUS domeinua 2 urterako erregistratu daiteke 15 euroren truke.

Covid-19ak eragindako osasun krisiaren eraginez enpresa txiki eta ertainek haien digitalizazio prozesua azkartu dute aurten. Testuinguru berrian, presentzia digitalik ez zuten merkatari, profesional eta abarren sarera jauzi egiteko beharra nabarmen areagotu da. Behar horretan laguntza eskaintzera bideratu ditu PuntuEUS Fundazioak urteko ahaleginak. PuntuEUS Fundazioaren egitekoa baita gizartearen transformazio digitalean euskaratik eragitea.

Erabiltzaileen konfidantzari esker, .EUS domeinuaren erabilera %18 igo da; aurreikuspenak gainditu eta iaz baino 8 puntu gehiago hazi da. Uneko proiekzioaren arabera, 12.000 domeinu-izenetatik gertu amaituko luke urtea .EUS domeinuak.

Bizi dugun garaiko lekukotza gisa, azken hilabeteetako digitalizazio prozesu erraldoia irudikatzen duen umorezko spota sortu du PuntuEUSek. Spotaren protagonistak Maridomingi milleniala (Amaia Irazabal) eta teknologiaz ulertzen ez duen Bizarzuri (Iñaki Beraetxe) dira. Spotak .EUS domeinuaren balioak – segurtasuna eta arreta – nabarmentzen ditu eta abenduko eskaintzari egiten dio erreferentzia:  domeinu-izena 2 urterako 15 euroren truke. Abenduak 31 arte baldintza berezietan erregistratu daiteke domeinu-izena.

Arreta zerbitzua eta segurtasuna indargune

.EUSen apustua ahalik eta zerbitzurik onena ematea da. Hori horrela, domeinuen zibersegurtasunean egiten den lanean sakontzeko Cybasque zibersegurtasuneko euskal enpresen elkarteko kide egin berri da PuntuEUS Fundazioa. PuntuEUSek bezala, Cybasquek bere egiten du zibersegurtasunaren garapena lurraldeko esparru pribatu guztietan bultzatzeko erronka, beste sektore batzuekiko lankidetza sustatuta eta produktu/zerbitzu, teknologia edo merkatu berrien garapena bultzatuta.

Bestetik, laguntza eta gertuko arreta dira .EUS domeinuaren bereizgarri nagusiak. Digitalizazio prozesua haien kabuz abiatzen dute erabiltzaileek zalantzak izaten dituzte eta babes hori eskaintzen du PuntuEUS Fundazioak erosketa prozesuan zein arlo teknikoan laguntza eskainiz.

Zentzu honetan eta pandemiaren aurrean komunitatea zaitzeko ahalegin berezia egin du PuntuEUS Fundazioak. Itxialdi betean haien negozioeen ateak itxi behar izan zituzten ostalari, merkatari, artistei… digitalizazioa errazteko ‘Zabaldu ate berri bat’ laguntza-programa abiatu zuen PuntuEUS Fundazioak pandemia hasieran.  Horrela, jarduerak edo proiektuak digitalizatzeko beharrezko baliabideak eskaini dizkie kosturik gabe webgunerik ez zuten eta eskaria gauzatu zuten ehundik gora negozio eta profesionalei.