.EUS domeinua, garapen egonkorra

.EUS domeinuaren ezaugarri nagusia hazkundea da, bataz beste %20 hazten da urtero. Horrela, aurreikuspenen arabera 10.000 domeinuen langa gaindituko du 2019 honetan.

Izaerari dagokionean, aldiz, PuntuEUS Behatokiak jasotako datuen arabera, garapena egonkorra da eta urtez urte domeinuaren banaketa egonkorra da izaerari eta tipologiari dagokionean. 2018 urtea itxi ondorenean egindako neurketaren arabera:

  • Domeinuak komunitate kultural eta linguistiko bati egiten dio erreferentzia. Ondorioz, domeinuak mundu guztian du zabalkundea, erregistroen % 8 Euskal Herritik kanpo egin dira orain arte. Euskal Herrian egindako erregistroak Euskal Herri osoan zabaltzen dira, baina desoreka nabarmenak daude lurralde batetik bestera:

 

Datu hauek Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak burututako Inkesta eta Mapa Soziolinguistikoaren ondorioekin antzekotasun handiagoa dute lurraldeen banaketa demografikoarekin baino.

 

  • .EUS domeinua erregistratzen duten erakundeen tipologiak erakusten du domeinuaren balioa orokorra eta askotarikoa dela. Interneten ohikoa den moduan, enpresak dira .EUS domeinuaren erabiltzaile nagusiak, .EUS domeinu-izenen %41 dira. Hauez gain gure gizarteko gainerako segmentuak ere ikusten ditugu .EUS domeinuan modu zabalean ordezkatuta: euskara eta kulturaren alorreko eragileak, %14; erakunde publikoak, %13; hezkuntza eragileak, %10; norbanakoak, %8; kirol erakundeak, %4; komunikabideak, %2; eta beste batzuk ere (sindikatu, alderdi politiko, etab.), %8.

 

  • .EUS domeinua euskara eta euskal kultura Interneten ordezkatzen duen domeinua izanik, espero izatekoa da .EUS erabiltzen duten web gune gehienek euskarazko edukia argitaratzea. Orohar, Interneteko TLD nagusietan euskarazko edukia duten domeinu-izenen ehunekoa aztertzeko garaian, nabarmen gelditzen da .EUS domeinua dela euskara gehien erabiltzen duen TLDa. Kasu honetan euskarazko edukia duten webgune kopurua %89,23koa da. Esan daiteke beraz .EUS domeinua dela euskararen arnasgune digitala.

 

  • Erakunde baten izenean erregistratutakoak alde batera utzita, titularrak gizonezko eta emakumezkoak diren kasuak aztertuz ondorioa da emakumezkoak (%27) gutxiago direla gizonezkoak (%73) baino. Interneteko domeinu-izenen erregistro eta erabileran, beraz, diferentziak ere nabarmenak direla esan daiteke. 2017tik 2018ra bi puntu igo da emakumeen pisua .EUS domeinuan. Hala ere, arrakala handia da oraindik ere.