Bizkaiko Foru Aldundiak .EUS domeinuaren erabilera sustatu nahi du Bizkaiko enpresa eta elkarteen webguneetan.

Ia bi urte dira .EUS domeinua erabilgarri dagoenetik. Eta, bi urte hauetan 6.000 enpresa, erakunde eta norbanakok komunitatearekin bat egin dute domeinu-izenak erregistratuz.

Une honetan, .EUS da Hego Euskal Herrian hazkundean dagoen interneteko domeinu bakarra, gainerako domeinu guztiak (.com, .net, .es, etab.), bataz beste, %7 jaisten ari diren bitartean .EUSek %18ko hazkundea izan du 2016ko lehen bederatzi hilabetetan.

.EUS domeinuaren hazkundea lurralde guztietan eta sektore guztietan ari da ematen. Bizkaian, esate baterako, domeinu-izenen %30 enpresek erregistratu dituzte, %16 erakunde publikoek eta %20 euskararen eta kulturaren arloko erakundeek. Webgune askok eman du .EUSerako jauzia; eta, horri esker eta webgune horien kalitateari esker, munduko 783 domeinu berriren artean egindako azterketan 4. postua lortu du .EUSek kalitateari eta SEOri dagokionean.

PuntuEUS Fundazioaren bokazioa domeinua zabaltzen eta hazten jarraitzeko lan egitea da eta egindako azken merkatu-azterketaren arabera hazkunde bidea, Bizkaiko enpresa, elkarte eta abarren parte-hartzetik etor daitekeela aurreikusi da. Izan ere, gaur gaurkoz .EUSen pisua handiagoa da, adibidez, Gipuzkoan Bizkaian baino.

Bizkaiko erakunde publiko nagusien apustua garbia da eta .EUS domeinua darabilte, Bizkaiko Foru Aldundia eta EUDEL adibide dira. Erabiltzeaz gaiz, erakunde hauek dei egin diete Bizkaiko enpresa, erakunde eta abarri haien webguneetan .EUS domeinua erabil dezaten.

Lorea Bilbao, Euskara eta Kultura DIputatuak Interneten egon beharra azpimarratu du, “Gaur egun IKTak eta horien erabilera ez dira aukerako kontuak, nahi zein nahi ez, hor egon beharra dugu, hizkuntzak aurrera egitea gura badogu. Eta euskara hor dago. Munduan badira ia 7000 hizkuntza UNESCOren datuen arabera eta munduko hizkuntza horien artean %5 besterik ez da erabiltzen interneten, eta horietariko bat euskara da. Nabigatzaile kopuruaren arabera adibidez, duela pare bat urteko datuen arabera euskara 44. hizkuntza da. Twitterren lehenengo 33 hizkuntzen artean dago, Wikipedia 292 hizkuntzatan dago eta bat euskara da, Facebook, google, eta beste sare sozial zein web zerbitzu ezagunetako asko eukaraz erabiltzeko aukera dugu. .eus domeinua ere badugu, erabil dezagun euskara oraindik ere ezagunago egiteko.

Euskararen normalizazio bidean gakoetariko bat, euskaraz ere baliabideak izatea da, euskara erabili ahal izateko tresnak izatea .eus domeinua bera ere pausu bat gehiago da sarean, interneten euskararen presentzia esanguratsuagoa eta ezagunagoa egiteko, pestigioa ematen dio gure hizkuntzari, erreferentzialtaasuna, eta ez gaude ditugun aukerak alperrik galtzeko moduan.”

Izan ere, .EUS domeinua tresna baliagarria da euskaren interneteko presentzia sustatzeko. Interneteko webguneen %15k erabiltzen du euskara Bizkaian eta domeinu nagusietan euskarazko edukia duten webguneen ehunekoa aztertuta, nabarmen gelditzen da .EUS domeinua dela euskara gehien duena. Kasu honetan euskarazko edukia duten webgune kopurua %88koa da eta euskararik ez duten domeinu-kopurua %12an kokatzen da. Esan daiteke beraz .EUS domeinua dela euskararen arnasgune digitala. Gainerako domeinuen kasuan, euskararen presentzia haien webguneetan %20aren azpitik dago kasu gehienetan. Gaur egun guztira 16.559 dira Euskal Herrian euskarazko edukia duten webguneak eta horietatik 6.000k .EUS domeinu-izena dute.

6.000 .EUS horiek asko eta askotarikoak dira, izaeran eta motibazioan. Izen handiko erakundeak daude komunitatean, Athletic Club, adibidez. Baita, enpresa handiak ere,hala nola, Petronor; edota Kepa Junkera bezalako kulturgile ezagunak. Ez dago, ordea, horren handia izan beharrik .EUS domeinuari probetxua ateratzeko.

BATZ Group kooperatiba igorreztarrarentzat batz.eus webgunea baliabide bat da, “Zuztarrak bertan eutsita eta adarrak mundura zabalik, gure hizkuntza eta kulturea garatzeko”.

Gero eta gehiago dira webgunea duten merkatariak. Gili-Gili, Bilboko alde zaharreko arropa dendako arduraduna da Manoli Bengoetxea eta .EUS domeinupean webgunea dauka, “Giligili.eus gara euskaldunak garelako. Bizitzako arlo guztietan euskaraz bizi garenez .EUS-ekin identifikatzen gara”.

Nortasunarekin lotzen du, aldiz,  jatetxenabarniz.eus helbidea, Nabarniz Jatetxeko Lorena Zubizarretak: “Guk .EUS izatea pentsatu dugu gure jatetxearen markari nortasuna ematen diolako” . Profesionalen arloan, Aiert Buruaga, arkitektua da eta ab-ark.eus da bere webgunea: “Nire marka mundu digitalean kokatzeko eta euskararekin lotzeko .EUS naiz”

PuntuEUS Fundazioa

.EUS domeinua Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da.EUS, hortaz, tresna bat da, euskara beste hizkuntzen mailan kokatzen duena, euskararen normalizazioan lagunduko duena eta euskararen herriari nazioarteko aitortza eskaintzen diona.

PuntuEus Fundazioak aurkeztu zuen, 2012ko maiatzean, .eus domeinuaren eskaria ICANN erakundearen aurrean eta bera izan da, 2013ko abenduan, ICANN erakundearekin kontratua sinatu duena.

Hori horrela, PuntuEus Fundazioa da .eus domeinua kudeatu, kontrolatu eta administratzeko ardura duen erakunde duena.

PuntuEUS Fundazioaren misioa Euskara ingurune digitalean ikusgarri, erabilgarri eta baliagarri egitea da euskara lehen mailako hizkuntza izan dadin.