Zabalik gelditzen da 3 domeinu-izen erregistratzeko proposamen-deialdia, behean zehaztutako baldintzak betetzen dituen edozein eskatzailerentzat.

Proposamen-deialdia irailaren 30ean amaituko da

Proposamen-deialdia:

1. DESKRIBAPENA

PuntuEUSek proposamen-deialdi hau egiten du orain arte eskuratu ezin zitezkeen 3 domeinu-izen erregistratzeko. Hauek dira hiru izen horiek:

  • Ataria.eus
  • Eskola.eus
  • Sarea.eus

PuntuEUS Fundazioak libre utziko ditu erreserbatutako izen horiek, esanahiarekin lotura estua dutela egiazta dezaketen erakundeek aukera izan dezaten izenok erregistratzeko. Eskaera egiten duten erakundeek domeinu-izen horrekin garatu nahiko lituzketen proiektua eta edukiak deskribatu behar dituzte beren eskaeretan.

Kontuan hartuz izen horiek PuntuEUS Fundazioaren sortze-helburuetarako berebiziko garrantzia dutela, erakundeek bakarrik egin dezakete eskaera. Proposamenak ebaluatzean, .EUS TLDk ordezkatzen duen euskal komunitate kultural eta linguistikoaren interesak sustatzeko behar diren ikusgaitasuna, nabarmentasuna, aniztasuna eta konpromisoa hartuko dira irizpide nagusitzat.

3 domeinu-izen horietakoren bat erregistratu nahi duen erakunde orok proposamen bat bidali behar du info@domeinuak.eus helbidera, goian zehaztutako epea amaitu baino lehen.

2. GUTXIENEKO BALDINTZAK

Domeinu-izen horiek erregistratzeko aurkeztuko diren proposamenek .EUS TLD sustatzea, garatzea eta bultzatzea espero da. Horretarako, proposamen orok deskribatu behar du nola egingo dituen eskaera aurkezten duen erakundeak jarduera hauek:

  • webgune aktibo bat sortu eta mantendu;
  • webgune hori aktiboki erabili eskaeran zehaztutako edukia sustatzeko. Webguneak ez ditu erabiltzaileak beste webgune batzuetara bideratu behar;
  • webgunean argitaratutako eduki guztiak edo zati esanguratsu bat euskaraz eman, domeinuaren izenari eutsi eta ez transferitu hirugarren alderdi bati, alderdi hori hautatutako erakundearen filial bat den kasuan izan ezik.

3. HAUTATZE IRIZPIDEAK

Proposamenak ebaluatzean, .EUS TLDk ordezkatzen duen euskal komunitate kultural eta linguistikoaren interesak sustatzeko behar diren ikusgaitasuna, nabarmentasuna, aniztasuna eta konpromisoa hartuko dira irizpide nagusitzat. Domeinu-izenak irizpide horiek modu egokienean betetzen dituzten eskaerei esleituko zaizkie, honakoak kontuan izanik:

  • Ikusgaitasuna: Webgunearen domeinu nagusia .EUS izatea eta webgunearen zabalkundea eta ikusigaitasuna ezagutarazteko aurreikusitako ekintzak.
  • Nabarmentasuna: Webgunearen garrantzia bere esparru eta komunitatean, eta honen eragin maila.
  • Aniztasuna: webguneak duen publiko helburua eta hedapen-maila: webguneak dituen edo/eta aurreikusitako bisita kopurua, eta irismen geografikoa.
  • Konpromisoa: eskatzaileak eta webguneak euskararekin eta euskal kulturarekin adierazitako konpromiso maila.
  • Edukien kalitatea: Egitasmoak euskararen sustapenean izan dezakeen eragin maila. Argitaratutako edukiak euskaraz egotea, etengabe eguneratzeko plangintza eta aurreikuspena.

Irizpide horien kontuan izanik aurkeztutako proiektuak aztertu eta ebaluatuko ditu PuntuEUS Fundazioak eta irizpide hauek modu egokienean betetzen dituen proiektuari esleituko zaio domeinu-izena.

4. ESKAERA BALIOZKOTZEA

PuntuEUSek eskaera guztiak aztertuko ditu, eta urriaren 15aren aurretik emango die erabakiaren berri eskatzaile guztiei. Gero, aukeratutako eskaerek urriaren 15etik 31ra bitarteko epea izango dute domeinu-izenak erregistratzeko.

5. ERREGISTRATZEKO PROZEDURA

Proposamen-deialdi honetan zehaztutako domeinu-izenak PuntuEUSek deialdi honen zehaztapenen arabera aukeratutako erakundeak bakarrik erregistra ditzake, eta aukeratutako alderdiak SUSTAPEN BERANTIARreko fasean hautatuko duen .EUS erregistratzaile akreditatuaren bidez egingo da erregistroa.

Hasieran, domeinu-izenok ez dute izango haiei lotutako zerbitzurik (webguneko edukia, posta elektronikoa, eta abar) Erregistroak domeinu-izenen erregistroa aztertu arte. Erregistroak domeinu-izenen erregistroa baliozkotzeko erabilera-murrizketa guztiak kenduko ditu aurreko sekzioan zehaztutako erregistro-leihoa amaitu ondorengo egunean.

PuntuEUS Fundazioak aukeratutako alderdia ez den beste alderdiren bat saiatzen bada proposamen-deialdi honetan zehaztutako 3 domeinu-izenetako edozein erregistratzen, bertan behera utziko da erregistroa, eta ez da dirurik itzuliko.

6. PREZIOA

Proposamen-deialdi honetan zehaztutako domeinu-izenen hasierako erregistroak ohiko merkatuko prezioa izango du. Urte gehigarriak eta berritzeak merkatuko ohiko prezioan kobratuko dira.

7. ERREGISTRO-POLITIKA OROKORRA

.EUS domeinuan erregistratzeko baldintza orokorrei buruzko informaziorik nahiz izanez gero, kontsultatu PuntuEUSen erregistro-politika orokorra.