2019a, errotuta eta sendotuta

Bost urte bete ditu 2019an .EUS domeinuak, eta bosgarren urteurrenarekin batera bi mugarri garrantzitsu bete dira aldi berean: 10.000 domeinu-izenen langa gainditu eta .EUS domeinuaren prezioa normalizatu da, gainerako TLD nagusiekin parekatzera iritsiz. Bost urteko ibilbide honetan, .EUS domeinuak euskal gizartean errotu eta zabaltzea erdietsi du bere bideragarritasuna bermatuz. 2019an ere domeinuak haziz jarraitu du eta %10 hazi da.

Ingurune digitalean euskararen presentzia indartzeko lanean jarraitu dugu, Kaixo Mundua edo Kode Poesia bezalako proiektu arrakastatsuak sustatuz, eta euskararen estrategia digitala bultzatzeko oinarriak proposatuz. Oro har, 2019an izandako mugarrien artean honakoak nabarmendu ditugu:

  • .EUS domeinuaren prezioa normalizatu dugu, altak eta berritzeak 19 eurotik hasita.
  • .EUSen domeinuaren sareratzearen  5. urteurrena ospatu dugu, 10.000 domeinuen sozializazioarekin batera.
  • .EUS domeinuaren hazkunde-tasa %10 izan da.
  • ICANNeko GeoTLD Group taldean parte-hartzea indartu dugu, zuzendaritzako lehendakariordetza hartuz.
  • Kaixomundua.eus proiektuaren lehen edizioa abiatu dugu.
  • Kode Poesia laborategia abiatu dugu, gaiaren inguruko hitzaldi eta tailerrak eskainiz.
  • Bi sari jaso ditugu: Diario Vasco komunikazio digitalari saria eta Buber Saria Kaixomundua.eus proiektuagari.
  • Elgoibarko Udalarekin hitzarmena sinatu dugu, PuntuEUS Fundazioaren egoitza Elgoibarren ezartzeko.
  • Euskara ala ezkara ingurune digitalean jardunaldia antolatu dugu Elgoibarko Izarra elkartearekin elkarlanean.

Horiek izan dira 2019ko gure jarduna bete duten lanetako batzuk, baina askoz gehiago ere izan dira. Guztiak gauzatu ahal izateko PuntuEUS Komunitatearen laguntza eta babesa izan dugu, eta 2020an ere euskarak Ingurune Digitalean duen tokia indartzen jarraituko dugu Komunitatearekin elkarlanean.