PuntuEUS Fundazioak komunitatea izan du indargune bere jaiotzatik, eta 2018an bereziki sustatu dugu gure komunitatearekin lankidetza. Komunitatearekin elkarlanean 10.000 domeinutara iristeko bultzada abiatu dugu, eta lankidetzatik jaio dira ingurune digitalean euskararen presentzia sustatzeko azken proiektuak.

Fundazioa eta komunitatearen arteko elkarlanari esker, ezarritako helburu nagusiak gainditu ditugu 2018an eta aurreikusi gabeko proiektu berriak jarri ditugu abian. 2018an .EUS domeinua %20 hazi da, aurreikuspenak gaindituz. 2018an betetako honako mugarriak azpimarra ditzakegu:

  • Domeinuaren hazkunde-maila %20ekoa izan da aurten, aurreikusitakoa baino 2 puntu gehiago. Horretarako comarketin kanpainak garatu dira erregistratzaile eta banatzaileekin.
  • Whois pribatutasuna ezarri dugu Europako GDPR araudira egokituz.
  • Domeinuaren segurtasuna indartzeko lankidetza hitzarmena sinatu dugu Basque Cibersecurity Center erakundearekin.
  • Euskara Ingurune Digitalean indartzeko proiektu garrantzitsuak jarri ditugu abian hainbat eragilerekin elkarlanean: Mastodon.eus, Lehen Hitza Euskaraz Mugikorrak eta PuntuEUS Mapa besteak beste.
  • Komunitatearekin elkarlana sustatu dugu, UEUrekin elkarlanean Maiatzaren 17an euskarazko Internet Eguna ospatuz eta UEMArekin Udaletan Lehen Hitza zabaltzeko hitzarmena sinatuz.
  • Euskararen Estrategia Digitalerako oinarrizko ideiak proposatu ditugu, Eusko Legebiltzarra, GFA Etorkizuna Eraikiz, eta Eusko Ikaskuntzaren kongresua bezalako eremutan aurkeztuz.
  • Gazteak .EUS proiektuan inplikatzeko ahaleginean KaixoMundua.eus proiektua diseinatu eta pilotoa jarri dugu abian hainbat eskolarekin batera.

Horiek izan dira 2018ko gure jarduna bete duten lanetako batzuk, baina askoz gehiago ere izan dira. Guztiak gauzatu ahal izateko PuntuEUS Komunitatearen laguntza eta babesa izan dugu, eta 2019an ere euskarak Ingurune Digitalean duen tokia indartzen jarraituko dugu Komunitatearekin elkarlanean.