Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, jai-giroan eta brindis batekin aktibatu dira abiarazte-aldian erregistratu diren 1.192 ‘.eus’ domeinu-izen. Horrela, dagoeneko 1.292 ‘.eus’ domeinu-izen dira, komunitatea zabaldu eta indartzera datozenak. Horrez gain, egun berean fase irekia abiatu da.

EITBren Bilboko egoitzan ospatu den ekitaldiak Iñigo Urkullu Renteria Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan du buru eta Josu Waliño Pizarro, Puntueus Fundazioko Zuzendari Nagusia lagun.

Sustrai Colinaren bertsoek; eta, Santi Ribera Fundación PuntCAT-eko zuzendariaren, Manuel González Asociación PuntoGAL-eko lehendakariaren, Christian Demeuré-Vallée Association www.bzh -eko idazkariaren eta Gavin McCutcheon dotScot Registry -ko zuzendariaren agurrek osatu dute ekitaldia. Eta, bertaratutako ‘.eus’ domeinu-izenen 150 ordezkariren argazki erraldoiak eta euskararen aldeko brindisak borobildu dute ospakizuna.

Ekaina bukaeran 92 aitzindari aurkeztu ziren eta 100 domeinu-izen aktibatu. Egun garrantzitsua izan zen. Eta oraingoa, abenduaren 3a eta Euskararen Nazioarteko Eguna, mugarri garrantzitsua izango da domeinuaren ibilbidean. Fundazioaren eta haren bazkideen, eta euskal jendartearen lanari esker urrats handia eman du, aurten, euskarak Interneten.

Josu Waliñok azpimarratu duenez, “PuntuEUS domeinua euskara eta euskal kulturaren komunitatea da, guztiona, muga geografikorik gabekoa. Horren adierazgarri da lehen fase honetan .EUS domeinu-izenak erregistratu dituzten webguneak”. 1.292 domeinu-izen erregistratu dira. Hauetako %95 Euskal Herriko webguneei dagokie, baina %5 Euskal Herriko mugetatik kanpoko webguneak dira, mundu osokoak. Erregistratu diren webguneen izaerari dagokionean, gehienak erakunde publiko eta enpresak dira; baina, horiez gain era guztietako erakundeen webguneak daude: euskara, kultura, hezkuntza, kirola, norbanakoak, eta bestelakoak. “ ‘.eus’ finean, ‘.eus’ ek euskal jendartearen ispilu birtuala izatea duelako helburu, euskal komunitate osoaren Interneteko irudi birtuala.”

Horrela, orain arte ‘.com’, ‘.net’ edo beste luzapen batekin ezagutzen ditugun webgunean ‘.eus’ izango dira. Helburua, urtea amaiera baino lehen bi mila web orrialdetik gorak aldaketa hori gauzatzea da.

Fase irekia

Abiarazte-aldiko domeinu-izenak aktibatzerakin batera fase irekia hasi da. Abiarazte-aldia lehentasunezko fasea izan da eta elkarte, enpresa eta instituzio publikoen domeinu-izenak eskatu eta babesteko balio izan du. Orain. aldiz, domeinu-izenen erregistroa publiko orokorrari irekiko zaio eta eskatu ahala esleituko dira izenak automatikoki, gainerako domeinuek egiten duten bezala.

Domeinu-izenak eskuratzeko baldintzak bi izango dira. Batetik, webgunearen edukien zati bat euskaraz egotea, nahiz eta beste hizkuntza batzuetan ere egon daitekeen, noski. Bestetik, euskarazko edukirik ez dagoen kasuetan, euskal kulturarekin loturiko edukiak izan beharko dute.

‘.eus’ domeinuen prezioa erregistradoreek jartzen dute, eskaintzen dituzten zerbitzuen arabera. Hau da, erregistradore ezberdinek prezio ezberdinean eskain dezakete. Hala ere, fase honetan prezioak aurreko fasean baino merkeagoak izango direla aurreikusten da.

Durangoko Azoka: eskaintza berezia

Domeinua da Interneten gainerako guztiengandik bereizten gaituen puntua: balioa ematen du, marka bakarra da eta nortasuna eta identitatea aitortzen dizkio web, posta elektroniko… bakoitzari. Puntu hori hiritar guztien artean zabaltzeko promozio berezia sustatu du Puntueus Fundazioak Durangoko Azokarako. Zureizena.eus norbanakoek domeinu-izenak eskuratzeko kanpaina da eta norberak bere izena edo abizena eskuratzeko aukera egongo da erdi-prezioan. 30 euroren truke domeinu-izena, 20 posta elektroniko kontu, 2 GB espazioa eta mugagabeko transferentzia ahalmena erosteko aukera izango da abenduaren 6an, 7an eta 8an Durangoko Azokan Puntueus Fundazioak izango duen standean. Aukera mugatua eta ezin hobea Gabonetan oparitzeko!