• Munduko domeinu berrien artean .EUS laugarren postuan kokatzen da kalitate eta SEO rankinetan
  • Mundu osoko 783 domeinuren artean egin da neurketa
  • Domeinu hauek darabiltzaten webguneen konfidantza-fluxua ere aztertu da. eitb.eus, berria.eus eta argia.eus Top 20an ageri dira

Donostian, 2015eko azaroaren 5an

2012an ICANNek (Izen eta Zenbakien Esleipenerako Interneteko Korporazioak) interneteko domeinu berriak onartzeko prosezua ireki zuen. Prozesu horren ondorioz sareratu zen 2014an .EUS domeinua. Prozesu horretan 1.300 domeinu berri onartu zituen ICANNek. Dagoeneko, horietatik 783 daude martxan, tematikoak gehienak, eta komunitateenak eta geografikoak beste asko.

Globe Runner enpresa estatubatuarrak argitaratu berri duen azterketaren arabera domeinu horien guztien artean .NRW, .SCOT, . BRUSSELS eta .EUS dira kalitate handiena dutenak, hurrenkera horretan. .BZH, .AGENCY, .WIKI, .FOUNDATION, .TIPS eta .TODAY -k ixten dute Top 10a.

Enpresa berak komunitate eta lurraldeei dagozkien domeinuek SEO arloan duten eragina argitaratu du. 40 domeinu aztertu dituzte eta lehenengo lau postuetan aurreko zerrenda osatu duten domeinu berak ageri dira. Hortaz, 4.a da .EUS SEO arloan.

Azkenik, domeinu berriak darabiltzaten webguneen konfidantza-fluxua ere aztertu dute eta euskarazko hiru webgune ageri dira Top 20an. Laugarren postua eskuratu du eitb.eus-ek, bederatzigarrena berria.eus-ek eta hamabigarrena argia.eus-ek.

Azterketa honek, agerian utzi du .EUS kalitatezko domeinua dela, .EUS erregistratzen duten webguneek domeinua erabiltzeaz gain kalitatezko edukia sareratzen dutelako, beste domeinu batzuetan ez bezala. Kantitateari erreparatuta, aldiz, 4.370 domeinu-izen erregistratuta, domeinu berrien artean 236.a da .EUS.

Globe Runner, SEO eta Marketinean espezializatutako Estatu Batuetatako enpresak egin du azterketa. Horretarako, gTLD (Lehen Mailako Domeinu Orokorrak) berrietan oinarritutako eta ongi garatutako 20.000tik gora webgune aztertu dituzte.

Globe Runner-ek azaldu duenez, domeinu-izen asko erregistratu dira gTLD berrietan, baina izena erregistratzeak ez du esan nahi benetako webgune bat sortu denik. Horregatik, webguneen garapen maila eta bilatzaileetako SEO posizionamendua aztertu dituzte.

Kalitatearekin lotutako adierazleak erabili dituzte, helburua gTLD berrien arrakasta kalitatearen ikuspuntutik neurtzea izan baita. Azterketarako erabili duten tresna Majestic Konfidantza Fluxua izan da.

.EUS domeinua

.EUS domeinua Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitateaern Interneteko lehen mailako domeinua da. .EUS, hortaz, tresna bat da, euskara beste hizkuntzen mailan kokatzen duena, euskararen normalizazioan lagunduko duena eta euskararen herriari nazioarteko aitortza eskaintzen diona.

PuntuEUS Fundazioa da .EUS domeinua kudeatu, kontrolatu eta administratzeko ardura duen erakundea.